XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ondorioa, lehen aipatutakoa izan zen: 175 egunkarik kosk egin zioten amarruari.

Nelkin-en iritziz, pasadizo horrek garbi utzi zituen zenbait gauza: batetik, hainbat kazetarik informazio iturri zientifiko eta teknikoren aurrean dituzten gabeziak eta irizpide-falta nabarmenak; bestetik, argi gelditu zen Franz Kafkaren lanaren aurrean berriemaileek zuten ezjakintasuna, aipatutako lan horretan (Metaformosia edo Itxuraldaketa, 1915) jatorri txekiarreko idazleak labezomorroen zauritu-ezintasunaren aurrean zuen errespetua agerian gelditzen baitzen.

Bestalde, Jules Verne idazle frantziarrak, zientzi fikziozko nobelen aitzindariak, bere eleberriak hornitzeko erakusten zuen zehaztasuna azpimarratu behar da hemen.

Egunero hamabost kazeta desberdin irakurtzen zituen.

Ondoren, zerbaitek jakinmin berezia pizten bazion, aldizkari espezializatuetara jotzen zuen.

Honela argudiatzen zuen bere jarrera: jendeak zer dioen entzutea dut gogoko, baldin eta zertaz ari diren badakite, jakina.

Kazetari zientifikoak ere iturri horietatik elikatu behar du bere idazlana.

Pili Kaltzada, Elhuyar aldizkariko sailburuak emandako aholkuei jarraiki (1998), arlo honetako informazio-iturriak ondoko sei multzoetan sailka ditzakegu:

- Zientzi ekoizleak (unibertsitateak, ikerketa-zentroak, laborategiak eta zientzialariak).
- Albiste-agentziak.
- Nazioarteko erakundeak, enbaxadak eta enpresak.
- Dokumentazio-iturriak.
- Aldizkari espezializatuak.
- Zientzi liburuak.

1. Zientzi ekoizleak: Unibertsitateak, ikerketa-zentroak, laborategiak eta zientzialariak.

Kazetaritza zientifikoaren eremu honetan horiek ditugu informazio-iturri nagusiak eta garrantzitsuenak.

Berak dira, azken buruan, afektatuenak, zientzia ekoizten dutenak eta, beraz, informazio-iturririk zuzenenak.

Alde horretatik, berriemaile zientifikoak bereziki zaindu behar dituen iturriak dira horiek.

2. Albiste-agentziak. Masa-hedabide guztietan, agentziek helburu bikoitza betetzen dute: alde batetik informatu, eta, bestetik, albistearen atariarena egin; hau da, albistea izan daitekeena agerian utzi.

Kasu horietan, mezubideei dagokie albiste horretan sakondu ala ez sakontzea erabakitzea.

Dena den, gauza jakina da herri garatuenek azpiegitura informatibo sendoena dutela, albiste-agentzia nagusiak, alegia.

Horregatik, herri horietan egiten diren ikerketak, berehala barreiatzen dira mundu zabalera.

Garapen bidean dauden herrietan egiten diren aurkikuntzek, berriz, zailxeago dute albiste izateko bide hori zeharkatzea.

Gure artean bada zientziaren alorrean albisteak euskaraz lantzen dituen agentzia, lehen aipatu dugun Zetiaz izenekoa, hain zuzen.